IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan
Aurkari eta kontrako asko ditu teknologiak oraindik orain hezkuntzan; horrez gain, oraindik egiteko asko dago eta era anitzeko arazo ugari dakarzkio. Eta hala ere, azken urteotan izandako teknologiaren garapenak ia guztion eguneroko bizimoduan era guztietako aldaketak eragin ditu: lanean, aisialdian, hedabideetan, salerosketetan eta komunikazioan, besteak beste. Hezkuntza aldaketa horietatik aparte izan ez bada ere eta gaur egun irakaspraktika ugarik teknologiaren beharra badu ere, orain da unea ikuspuntu kritiko batetik teknologiak eta hezkuntzak bat egiteko. Teknologiak berrikuntza bi egiteko orokorretan ekarri behar dizkio hezkuntzari: batetik, ikaskuntzan egin beharreko atazak laguntzen edo hobetzen, hots, aurrez aurreko ikaskuntzako kalitatea hobetzen eta, bestetik, ikaskuntzari balio erantsia ematen, hau da, testuinguru digitalean zentzu gehiago duten atazak eta metodoak bultzatzen.
Baieztapen horretatik abiatuta jarri zen martxan 2016-2017 ikasturtean IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan, etengabeko formakuntzan eta hizkuntzen irakaskuntzan izeneko graduondokoa, (aurrerantzean, HEZikt), Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) berezko titulua, Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) elkarlanean.
Graduondokoaren izenean bertan Euskal Herriak behar duen online irakaskuntzaren alor nagusiak (tresneria eta konpetentziak) eta eremu nagusiak (hezkuntza formala, etengabekoa eta hizkuntzen irakaskuntza) aipatzen dira. Graduondokoaren helburu nagusia da aztertzea teknologiak hezkuntzan (eta bereziki euskal hezkuntzan) nola eragin duen (eta nola eragiten ari den) eta horrek lekarzkeen abantailak eta arriskuak zein diren.
Hori ikuspuntu kritiko batetik egin nahi bada, ezinbestekoa da konpetentzia digitaletan trebatuta egotea, Europako erreferentzia-markoaren arabera «Digital competence involves the confident and critical use of Information Society Technology (IST) for work, leisure and communication». Horretarako, HEZikt graduondokoan nahi dira jendarte zehatzean (euskal komunitatean) dauden arazoak aztertu (kanpoko erreferentziei begira) eta horietako zenbait gabezia bete. Izan ere, jendartean dagoen egoera horrek eragiten du, hala nola hezkuntza formal eta ez-formalean, enpresetan garatzen diren ikastaroetan edota enpresak euskalduntzeko proiektuetan.
Teknologia digitalek hezkuntzako erronkei erantzuteko modu ugari ekarri dituzte: inklusioa, ubikotasuna, ikasmaterialen aniztasuna eta moldagarritasuna eta arreta pertsonalizatua, besteak beste, baita euskal curriculuma inplementatzeko aukera ere. Horiek guztiak, gure ustez, uztartu egin behar dira gaur egungo hezkuntzan, euskararen eta euskal komunitatearen ikuspegitik, era batean edo bestean, online irakaskuntza eta baliabide digitalen bidez.
Teknologiak dituen aukerak aipatzeaz gain, berarekin dakartzan arriskuak ere kontuan izan behar dira. Eskolan modu kritikoan aplikatzeaz gain, esku-hartzeak prestatu behar dira eta arazoak sortzean horiek konpontzeko estrategiak garatu behar dira, batez ere, arrisku-taldeekin.
Horien guztien bilgune, eztabaidagune eta ikergune izateko asmoz sortu da HEZikt graduondokoa. Ikasle-irakasleen1 artean ikertzen duen komunitatea batu eta osatu nahi dugu, euskarak eta hiztun-komunitateak behar dituen tresna, baliabide eta metodologia interesgarriak detektatzeko, eta horiek nola inplementa daitezkeen diseinatzeko.
Hona hemen, beraz, HEZikt graduondokoaren bidez lortu nahi ditugun helburu nagusiak:
- Ikerketa: ikertzailea izango den komunitatea sortzea.
- Komunitatean sustraiak: euskal jendartean sustraitutakoak izango diren arazo errealak kontuan izatea, hezkuntza birtuala eta aurrez aurrekoa uztartuz.
- Munduari irekita: gure egoeran dauden beste hiztun-komunitate batzuentzat erreferente izatea, euskara oinarri izanik, jendarte eleaniztunean garatzen diren hezkuntza birtualeko esperientziak erakustea eta atzerrian garaturiko tresnen eta proiektuak euskarara egokitzea.
- Sormenaren, ekimenaren eta berrikuntzaren kultura sustatzea graduondoko prestakuntzan.
- Elkarrizketa eta partaidetza bultzatuko dituen eta ekoizpen sarearen, gizarte-erakundeen eta, oro har, euskal gizartearen premiei erantzungo dien graduondoko prestakuntza garatzea.
- Euskararekin eta euskal kulturarekin lotutako graduondoko eskaintza sustatzea.
Graduondokoa aurrera joan ahala, bertan lantzen diren gaiak kritikoki aztertu beharra ikusi da, eta hori dela-eta sortu da esku artean duzun liburu hau. Graduondoko material gehiago ikusteko jo graduondokoan sortutako http://www.hezikt.eus webgunera, bertan modu dinamikoan ari gara ikasleak eta irakasleak jakintza eta esperientzia partekatzen.
Liburuaren kapituluak zein diren jakiteko, jo artikulu honetara.
Bukatzeko, eskertu nahi dugu bide honetan HEZikt graduondokoari lagundu dioten erakundeak: UPV/EHU eta, batez ere, UEU, arlo tekno-pedagogikoan emandako laguntza guztiarengatik. Era berean, graduondokoan parte hartu duten ikasleei eta irakasleei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, haiekin joan garelako euskaraz online irakaskuntzan trebatzen. Eta, orain, zuri, irakurle, eskerrak eman nahi dizkizugu, liburu hau irakurtzeko hartu duzun tartea eta gogoarengatik. Liburuan berrikuntzari eta hezkuntzari buruzko kezka asko aurkituko dituzula espero dugu, baita hutsuneak ere. Gure asmoak liburu honekin bukatzen ez direnez, prest izango gaituzu bertatik gure ekimenen berri emateko, edota zurekin lankidetzan aritzeko: lekutxoa emango dizugu http://www.hezikt.eus webgunean, graduondokoan hitzaldietara gonbidatuz edota proposatzen dizkiguzuen materialak irakasleei eta ikasleei proposatuz.
Egileak (ixakideak):
Egileak:
Mikel Iruskieta, Montse Maritxalar, Amaia Arroyo-Sagasta, Abel Camacho (ed.)
Urtea:
2019
Artikuluaren erreferentzia:
Argitaratzaileak: UEU eta UPV/EHU. Bilbo. ISBN: 978-84-8438-693-3. 376 orr.
ISBN edo ISSN (aldizkari, kongresu, liburu edo liburu atalak):
978-84-8438-693-3