Helduen hizkuntza i(ra)kaskuntzan hizkuntza-teknologiak: zenbait arrakasta eta euskararen etorkizuneko erronkak

Hitzaldi honen helburua da euskararen (eta beste hizkuntzen) ikas-irakaskuntzan hizkuntza-teknologiaren ekarpena zein den erakustea. Horretarako, azalduko da zer egin daitekeen hizkuntza “ulertzen” duen teknologiarekin, edo bestela esanda, datu linguistikoak erabiltzen dituen teknologiarekin: zer den hizkuntza-teknologia eta eskolan aurrez aurreko edo elearning modalitatean nola erabiltzen den eta nola erabil daitekeen, bai nazioarteko zenbait lan aipatuz, bai euskaraz erabilgarri dagoena erakutsiz. Zehazki, helduek euskaraz testuinguru digitalean ikasteko gero eta baliabide gehiago dituzte. Testuinguru digitala aurrez aurreko eskoletan edo etxeko lanak egiteko eta zuzentzeko erabiltzeaz gain, teknologiak beste ikas-eredu batzuk erraztu ditu, esaterako, online irakaskuntza tutorizatua edota autoikaskuntza plataformak ere bai, besteak beste. Plataforma horietan txertatzeko gero eta baliabide digital eta multimodal gehiago dago: horietako zenbaitek ez dute hizkuntzari buruzko informazioa kudeatzen feedbacka ematerakoan (hezkuntza-teknologia) eta beste zenbaitek, hizkuntza-teknologiak, ordea, bai. Euskaraz auzo hizkuntzetan garatu den beste baliabide garatuta ez izan arren, orain da garaia teknologia hori garatzeko eta laguntzeko ikasleari euskaltegian edo euskaltegi kanpoko lanetan. Teknologia horrek irakasleari ere lagundu beharko lioke ikaslea hobeto bideratzen eta feedback zehatzagoa edo sakonagoa ematen, irakasleak lan errepikagarrietan denborarik ez galtzeko, ikasleari bere garapena erakusteko eta dokumentatzeko eta klasean (edo ikaslearekin dagoen tarteetan) ataza esanguratsuagoak egiteko. Testuinguru hori gogoan hitzaldi honetan azalduko dugu hizkuntza-teknologien rola zein den eta ikasketa automatikoko teknikek eskolan nola lagun dezaketen eta zein aukera/muga dituzten kontzientzia metalinguistikoa areagotzeko eta jarduera bakoitzean beharrezkoa den inputa eta hizkuntza-formak nabarmentzeko edo eman daitezkeen feedback mota ezberdinak erakusteko. Horrez gain, nabarmenduko dugu hizkuntza-teknologia sortzeko irakasleen, pedagogoen, ikertzaile eta ikerketa-azpiegituren lankidetza beharrezkoa dela. Bukatzeko, aipatuko dira egitasmo arrakastatsuak nolakoak diren eta euskararen irakaskuntzan hizkuntza-teknologiak dituen etorkizun hurbileko zenbait erronka.
Egileak (ixakideak): 
Egileak: 
Mikel Iruskieta
Urtea: 
2021
Artikuluaren erreferentzia: 
Euskarabidea 2020-2021 ikasturtearen irekitze-ekitaldira

Argitalpen mota:

Argitalpen mota fina (argitalpen_sailkapen_ohia):